Emakumeen aurkako indarkeria

Emakumeen aurkako indarkeria giza eskubideen eta oinarrizko eskubideen urraketa da, genero-arrazoiengatiko diskriminazioan oinarritzen da eta oinarrizko eskubideak ukitzen ditu; hala nola, bizitzarako eskubidea, osotasun fisiko eta psikikorako eskubidea, osasunerako goi-mailako eskubidea, torturarik edo tratu txarrik ez jasateko eskubidea edo bizilekua eta lana askatasun osoz aukeratzeko eskubidea.

Emakumeek jendartean erabateko parte-hartzea izan dezaten eragozten du, eta haien ongizatea kaltetzen du errotik.

Emakumeen aurkako indarkeria egiturazkoa da eta dimentsio asko ditu; hortaz, eragozpen nabarmena da emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, garapena eta bakea lortzeko.
Abadiñoko Udalak, Berriz, Elorrio eta Durangoko Udalekin, Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoarekin, Osakidetzarekin eta Ertzaintzarekin batera, DURANGALDEAN EMAKUMEEN KONTRAKO KASUETAN JARDUTEKO ETA KOORDINATZEKO II PROTOKOLOA sinatu zuen 2017ko azaroaren 24an.

Protokolo honen helburu nagusia da bermatzea emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean modu egoki, espezializatu, koordinatu eta kalitatekoan jardungo dutela udal zein mankomunitateko erakunde publikoek eta halaber, gai horretan eskumena duten autonomiako gainerako erakundeek ere. Hitz bitan, biktimen eskubideak lehengoratu eta bigarren biktimizazioa eragotziko duen erantzun indibidualizatua, garaiz emandakoa eta irisgarria bermatzea.

Dokumentu osoa (PDF 1,66MB)
Laburpena eusk/cast (PDF 3,44MB)
Laburpena ingelesez/frantsesez/arabieraz (PDF 5,45MB)