Urkiolako Parke Naturala

Urkiolako Parke Naturala

1989. urtean Eusko Jaurlaritzak Urkiolako ingurunea – 5.768 Ha. eta 83,3 kilometroko perimetroa daukan eremua – Parke Natural izendatu eban. Bizkaia eta Araba arteko mugan kokatua, Parke horrek barruan hartzen ditu Aramotz mendikatea, Durangaldeko mendiak eta Arangio mendikatea, eta bere mugetan batzen dira alkarregaz Kantauri eta Mediterraneoko ur-isuriak.

Altuerari dagokionez, oso maila ezberdinetako guneak ditu Parkeak, itsasoaren mailatik 240 metro gorago dagoen Zallobentatik hasi eta 1.300 metroko altueran Parkeko gailurra egiten daben Anboto mendiaren tontorreraino. Parkeko lurrik gehienak 600 metrotik gora dagoz.

Abadiñon, Urkiolako Parkea Mendiola-Sagastaraino heltzen da iparraldetik, eta Amaitermin auzora hegoaldetik. Abadiñoko lurrek Parkearen %24,41 osatzen dabe, 1.454 m2 guztira. Parkeari izena emoten deutson Urkiola mendatea Abadiñoko lurretan dago, eta hantxe dagoz kokatuta Urkiolako Santutegia, Parkerako ohiko sarrera eta Parkearen Harrera, Informazino eta Kontrol Gunea.

Kortabasoak. XVIII. mendearen azkenetik gehiago daukogu korabasoen barri eta gaur egun, 200 urte geroago, gehienak euren betiko lekuetan jarraitzen dabe.

Kortabasoa da lur-arlo biribil eta zarratu bat, erdian harri bat daukana. Badira mota bi: negukoak, erreka inguruetan kokatuak, eta udakoak, mendi hegal eta goialdeetan kokatuak. Normalean negukoek (nagusiek) 494 metroko diametroa dauke eta udakoek (txikiek) 240 metro.

Udako korbasoak abereak larratzeko lekuak izaten ziren bitartean, badirudi neguko kortabasoek abereak gordetako lekuak zirela, euretariko asko zuhaitz apalen adarrez estalita egoten baitziren, abereak eguraldien erasoetatik babesteko moduan. Hasieran kortabasoak herri ondasuna ziren, aprobetxamendua pribatua euki arren.

Kortabaso txiki batzuk gaur egun arte iraun dabe eta Urkiola inguruko mendi-baztar batzuetan ikusi daitekez oraindino.

  • Urkiola