Datu orokorrak

Abadiño

Abadiñoko Udalak 36 km2-ko azalerea dau Bizkaiko lurraldeko hego-ekialdean. Udalerri hauekin egiten dau muga: iparraldean, Garai, Iurreta eta Berriz; ekialdean, Elorrio; hego-ekialdean, Atxondo; hegoaldean, Otxandio eta Aramaio (Araba);
hego-mendebaldean Dima,
eta mendebaldean, Mañaria, Izurtza eta Durango. Egun, 2015eko urtarrilak 1ean, 7.516 biztanle ditu.

Forma luzengea dauka, ipar-ekialdetik hego-mendebaldera doan ardatz baten inguruan. Eraikuntza gehienak (bai bizitegiak, bai industriari lotutakoak) iparraldean dagoz, Ibaizabal ibaiaren inguruan. Hegoaldea menditsuagoa da eta landare asko ditu, eta bertan Urkiola parkea dago.

Abadiño udalerria auzo hauek osatzen dabe: Amaitermin, Astola, Gaztelua, Gerediaga, Lebario, Irazola, Traña-Matiena, Mendiola, Muntsaratz, Sagasta, Urkiola eta Zelaieta. Auzo horien barruan maila ezbardineko urbanizazinoak dagoz, bai uri eraikuntza argiak direnak (Traña-Matiena eta Zelaieta), bai gehienbat landa-eraikuntzak direnak (Amaitermin, Sagasta, Gerediaga, Gaztelua, Urkiola eta Mendiola).

Udalerria zeharkatzen dabien bi ibai nagusiak honako hauek dira: iparraldetik, Ibaizabal, eta hegoalderanzko norabidean, Urkiola. Arro ezbardinetakoak dira: Ibaizabal Nerbioi ibaian itsasoratzen da; Urkiola ibaia, barriz, izen bereko mendatearen hegoaldeko hegalean sortzen da, eta Arabarantz doa.

Abadiño Bilbotik 34 kilometrora dago, eta Bizkaiko uribilduagaz eta Donostiagaz komunikatuta dago N-634 errepidearen eta A-8 autobidearen bidez; udalerritik 4 kilometrora dago azken horren urteerea. Gasteizi lotuta dago, mendatea eta Urkiolako parke naturala zeharkatzen dituen BI-623 errepidearen bidez. Bilbo-Donostia trenbideak be geltokia dauka Abadinoñ.

Ekonomia-jarduereari jagokonez, Abadiño herria erabat industriala da; aipagarrienak metal- eta kimika-industriak dira, nahiz eta zerbitzuen sektoreak be garrantzi handia daukan.

 

  • Eustat
  • Facebook
  • Twitter
  • Youtube
  • Urkiola