Leku interesgarriak

 
Urkiola ganeko magal batean dago Antonio Santuen Santutegia, harizti batek eta lizar eta urkiek inguratuta, eta bertara iristeko, Durango-Gasteiz errepide orokorretik joan behar da. Itsasoaren mailatik 750 m-ra egonik, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako lurraldeen erdigune geografikoa da eta Abadiño elizateko udalerriaren barrutian dago.

Urkiolako ingurua Euskal Herriko tokirik mitikoenetako bat da. Bertan bizi da euskal Olinpoko ama jainkosa, Mari. Santutegiaren antzinatasunari dagokionez, oso zaharra dala baino ez dakigu, seguru asko VIII edo IX. mendeetakoa. Urkiolak oso egoera egokia eukan Euskal Herriko lehen tenpluetako bat bihurtzeko, artzaintzako gunea eta toki sakratua baitzen eta bide batek zeharkatuta baitzegoen.

Santutegiaren eskumakaldean, 200 bat metrora, Urkiolagirre mendiko hegoaldeko hegalean, pagadi baten erdian eta Gasteizko galtzada zaharraren ondoan, han dago Santo Aplonioko baseliza, herriak Santutxu esaten deutsona. Denbora zaharretan umiltokia zan, Santutegira orduko erromesak bertan gelditu eta santuari agindutako promesa edo penitentzia betetzeko prestatzen ziren lekua. Askok baselizatik Santutegira bitarteko bidea oinutsik egiten eben galtzadarik galtzada. Iturri baten ondoan dago, eta ustea dago bertako urak dohainak dituela gatxak osatzeko.
Santutegiaren ipar-mendebaldean, bidean bertan, Santo Kristoren baseliza dago, herriak “Kristoren ermita” esaten deutsona. Kristoren ermita hau ere umiltokia zan.