Jaiak

 

Abadiñoko jai nagusiak. Maiatzaren 12an hasten dira, Santo Domingo egunez. Egun horretan herriko ezpatadantzariak udaletxearen aurrean dantzatzen dabe. Lehenagoko denporetan, saio horretan ezpatadantzariek dantzari zahar, txistulari nahi dantzan aditutako beste batzuen aurrean dantzatzen eben, artean dantzari erropak jantzi barik, aditu horiek aukeratu egien nortzuk izango ziren jaietako dantzariak.

Jai nagusia maiatzaren 15ean ospatzen da, San Trokaz egunean. Egun horretan umeen lehenengoko Jaun-hartzeak egin ohi dira eta Udalbatza osoa joaten da Meza Nagusira. Meza ostean dantzariek dantza saio bat egiten dabe udalbatzarkideen eta Jaun-hartzea egin dabienen aurrean.

Azkenengo egunean, jaietako ikur edo maskota dan “Gerbas” izeneko txotxongilo bati globo pilo bat lotzen jakoz eta zerura askatzen da. Txotxongiloari ohar bat eransten jako, behin lurrera jausi ondoan aurkitzen dabenari sari bat aginduz jausilekuaren parte emoten badau. Gehienetan Gerbasek hegaldi laburra egiten dau eta herriko ingurumarietan jausten da, baina 1993. urtean, haize-bolada indartsu batek harrapatu eta 24 ordutan Inglaterraraino heldu zan. Harriduraren harriduraz etxeko lorategian jausten ikusi eban bikote ingelesa, hurrengoko urtean Abadiñora etorri zan, Udalak gonbidatuta, herria eta jaiak ezagutzeko eta Gerbas euren eskuz zerura askatzeko.