Ibilbideak

 

Azalpena. Abadiñoko auzo ezezagunetatik ibilbidea.

Kotxea Ferialeku plazan (Zelaietan) uzten dugu, bide nagusia gurutzatu eta San Vicente fundizino atzetik, Mendiola auzora doan galtzadatik ibilbideko lehen pausuak emongo ditugu. Galtzada amaitutakoan, eskumaldeko pista aldapatsuan gora joango gara.

Pista lautzen denean, galtzada zahar baten arrastoak goraino jarraitu eta asfaltoko bidean eskumara hartuko dogu. Larringan auzora heldu gara. Bidean aurkituko dugun lehen bidegurutzean, Untzillarako bidea. Pausu batzuk aurrerago Larringango haize-errota ikusiko dogu, 1723. urtean eraikia.

Ezkerreko bidean behera, Olondoraino jaitsiko gara. Eskumara Atxarteko bidea hartu eta 200 metrora Sagasta auzoko bidea hartuko dugu. Heltzen garenean, eskumara dagoen asfaltozko bidea hartuz, laster aska baten ondotik hasten den harrizko bidezidorra hartuko dugu.

Andra Mari ermita

 

Harrizko bidezidorrean bidegurutzea aurkituko dugu gutxira. Eskumako bideak, Larrano-Artolara eramango gaitu; bide horretatik aurrera jarraitu ezkero Axpe auzora helduko gara eta gero ezkerretara joko dogu. 300 metrora ezkerretara bidexka bat hartuz gero, tontorrari barrenetik buelta emango deutsogu eta Irazola auzora helduko gara. Auzo erdian dagoen iturrietan eztarria ederki freskatu ahal izango dogu.

Ezkerreko asfaltozko bidea hartuta, ordu laurdenera, Durango-Beasain errepide nagusira helduko gara. Errepidea kontuz gurutzatu eta aurrean dagoen bidetik 100m. aurrera eginda, ezkerrera dagoen bidexka hartuko dogu.

Andra Mari ermita osteko bidetik, Muntsaratzeko dorrea inguratuko dugu. IX. mende inguruko eraikina da, errenazentista estilokoa, eta Bizkaiko etxe zaharrenetariko eta garrantzitsuenetariko bat. Muntsaratzeko etxe blokeen atzeko bidetik zuzen-zuzenean jarraitu ezkero ibilbidearen abiapuntura helduko gara.

 

 

 

Kontuan hartzekoak

  • Iraupena: 2 ordu eta erdi.
  • Zailtasuna: erreza. Bide gehiena asfalto gainean egiten da.