Ibilbideak

 

Azalpena. Urkiolako Parke Naturalak proposatzen dituen ibilbide didaktiko bi egiteko aukera dozu. Toki Alai parkeko azalpen lekua, Aldazitala atsedenlekua eta Urkiolako Santutegia lotzen dabez ibilbide hauek.

Urkiola gainean itxiko dugu kotxea. Abiapuntua autobus geltokia izango da, Bizkarra jatetxearen aurrekaldean.

Aldapan gora hasiko gara oinez, Toki-Alai zalpen zentroraino heltzeko. Toki-Alaira heldu baino 50 metro lehenago, Saibigainera joateko bidegurutzetik pasatuko gara, 30 minutuko ibilbidea dago.

Saibiganeko kurutzearen ondoan orientazino mahaia dago. Iparrera begiratu ezkero, ibarraren muturrean Mañaria ikusiko dugu; haren inguruan ipar-sartaldean Eskuagatx mendia, Mugarra iparraldean eta Untzillatx ipar-sortaldean. Hego-sartaldera begiratuta, urruti, Gorbeia mendia ageri da, eta haren ondoan Itxina kareharrizko mendia.

Anboto

Toki-Alairen atzealdetik Urkiolako Parke Naturaleko azalpen zentroko ibilbidea hasiko dogu. 100 metrora Letona-kortara helduko gara. Ate txiki baten osteko bidezidorrean behera jarraituko dogu ibilbidea. Alboetan mota askotako zuhaitz eta landareak ikusteko aukera izango dogu, besteak beste, gorostiak, urkia, Lawson altzifrea… Fauna eta florari buruzko argibide-taulak aurkituko ditugu. Bidean behera egin ezkero, Anbotoko Mari ikusiko dugu laster, “paisaia” ipinten daben argibide-taularen aurrean.

Bidezidorrean aurrera joanda, eskumatara Gorbea ikusten da. Bidea amaitutakoan, hesia pasatu eta harrizko bidean aurrera egingo dogu Aldatz Zitalera heldu arte. Atsedenlekuaren sarreran, Aldatz Zitalen barrena egin daitekeen ibilbide botanikoaren berri ematen daben taula dago. Guk Urkiola-Otxandio arteko bidea alderik-alde gurutzatuko dugu, lekuaren beste aldera pasatzeko.

Harrizko bidea (ia amaieran) ezkerretara bihurtzen danlekuan, “Txondorra” jartzen daben kartelari jaramon egingo deutsogu. Ezkerrean iturri bat eta eskuman egurrezko zubia dagoz. Zubia pasatuta txondorrekin topo egiten dogu. 1998. urtean jarri zituen Parkeko Patronatuak txondorrak bertan, ikazkinen ofizioa erakusteko. Bigarren txondorraren atzetik Urkiolako Santutegira barriro garamatzan bidezidorra hartuko dogu, egurrezko eskilara batzuk igo eta pago artean.

Kontuan hartzekoak

  • Iraupena: ordubete. Saibira igonez gero, joan-etorria, beste 45 minutu.
  • Zailtasuna: oso erreza. Ibilbide osoa ondo seinalatuta dago.