Ibilbideak

 

Azalpena. Gaur egungo bide asfaltauak egin arte, harrizko galtzadak izan ziran Bizkaiko komunikabide garrantzitsuenak gurpildun trafikorako. Normalean, harlauza sendoek mugatzen zituen, eta zolua errekarriekin eginda euken; alboetan arekak eukiezan, eta tarteka-tarteka euri-urentzako hustubideak. Durangaldean ondoen gorde dan galtzadetako bat Zelaietatik Mendiolara eta Larringanera doana da.

Irteera lekua Abadiñoko Zelaieta auzuneko plaza da. Han Jesus Kurutziltzatuaren Umildegiak eta Kalbarioak osoturiko multzo barroko ederra dago. Umildegiaren aurretik urteten daben bidea hartuko dogu, errepide nagusiaren beste aldean, Barriona torrearen ondoan. Eraikin noblea da, errenazimendukoa (1591). Bideak aurrera egiten dau San Vicente lantegiraino; ezkerrera itxiko dogu hori. Hemendik aurrera ez dago asfaltauta, eta agerian geratzen da Mendiolako galtzadaren egiturea. Galtzada hori 1855ekoa da, nahiz eta bidea zaharragoa dan. Izan ere, gaur egungo bidea galtzada zaharrago bat konponduta egin eben. Jatorrian, tarte horrek Elorriotik etorren Errege bidea San Kristobal ermiteagaz lotzen eban, Abadiñotik urtenda, san Kristobal ermitean Urkiolako bideagaz bat egiten eban.

Muntsaratz dorreko detailea

Galtzadan gora egingo dogu, eta goiko aldetik Zumelegi errekeak egiten daben ibarraren ikuspegi ederra agertuko jaku. Hortik aurrera, bidea pinu, haritz eta pago artetik joango da, soroetara heldu arte. Guk galtzadatik jarraitu behar dogu harik eta bidekurutze batean amaitu arte. Hortik Mendiola haranaren ikuspegi ederra izango dogu. Bidekurutze horren eskumara basabide zabala hasten da; horretan gora egingo dogu –erripa handia dauka– Untzilla baserrietara heldu arte. Han, basabideak asfaltautako bide bategaz egiten dau bat: eskumara egingo dogu, Larringango haize-errota ederra. Eraikin hori zutik dago oraindik, bere enbor konikoko itxuragaz.

Han gagozala, Larringan-Bekoa baserrian hasten dan bidea hartuko dogu, eskuma aldera, eta Mendiolarantz joango gara; bidean goazala, galtzadearen eta hura babesteko egoan hormearen arrasto batzuk ikusi doguz. Bidea auzune arteko errepide batera helduko da; ezkerrera hartuta, Mendiola auzunera helduko gara. Errenazimenduko baserri multzo garrantzitsuenetakoa da. Estilo hori alboko eta atzeko hormetako sarreretako arkuetan ikusiko dogu. Aukeran, bide hori jarraituta, eskumara egin geinke, erreferentziarako aska bat hartuta. Atxarteko leizeetara helduko gara, Atxarteko hormak Euskal Herriko eskalada eskolatzat hartu izan dira. Han dago J.M.Barandiaranek ikertu eban Bolinkoba be.

Bisitaldi hori ez egitea erabagi ezkero, errepidetik itzuli gaitekez, zelairik zelai. Errenazimenduko San Kristobal ermitatik gertu igaroko gara, bai eta auzuneko eskola zaharretatik be, Abadiñoko bidean dagoan Olondo tabernara heldu arte. Errepide nagusian gagozala, gure ibilaldia Muntsarantz dorrean amaituko dogu: Elorriora bidean dago, 500 bat metrora eta eskualdeko orube zaharrenetako batean eregitako errenazimenduko eraikina da, Euskadiko Monumentu Nazionala be bada.

Kontutan hartzekoak

  • Luzera: 6,9 km.
  • Iraupena: 2 ordu 30 min.
  • Erripea: 200 m.
  • Zailtasuna: tartekoa.