Historia

Historia

Abadiño Durangaldeko Merindadeko Elizate bat da. Abadiñoko kobazulo batzuetan historiaurreko giza-bizitza aztarnak aurkitu dira: Bolinkobna(Solutrense garaiko aztarnategia), Oialkoban (Brontze garaiko aztarnategia), Astakoban eta Albiztein.

Erdi Aroan, Ahaide Nagusien arteko borroken garaian, abadiñarrak oinaztarren alde jarri ziren. Garai hartan ugaldu ziren dorretxeak eta gazteluak Abadiñon, euren artean ezagunena Muntsaratzeko dorrea. Dorretxe horretako ugazaba, Pedro Ruiz jauna, Doña Urraka Nafarroako Infanta andreagaz ezkondu zan 1172. urtean. Abadiñon sortuak dira Iñigo de Abadiano eta Perucho de Abadiano, azken hau Madrilen Isabel la Católica Gaztelako erreginaren Alkazarreko Alkaide izana, eta Abadiñon daukez euren sustraiak beste hainbat leinuk, bakotxa bere jauretxearekin: Trañajauregi, Larringan, Lebariojauregi, Mendilibar, Murueta, Arbaiza, Esterripa eta Uribarren.

Etxe horietatik sortu ziren Iñigo de Lebariojauregi eta Atanasio de Esterripa lango zaldunak. Lebariojauregikoa Gibraltarren trukuen kontra borrokatu zan eta Esterripakoa Mallorkako apezpiku izan zan.

XVI. mendetik aurrera burdinagintzak indar haundia hartu eban Abadiñon. Baziren burdinolak Astolan, Esterripan, Lebarion, Muntsaratzen, Muruetan eta Trañan, eta euretariko batzuk XIX. mendera arte jarraitu eben lanean. Urtean birritan entzute haundiko azokak egiten ziren: bata otsailaren 3an Abadiño-Zelaieta auzoan, eta bestea San Antonio Paduakoren egunez.

Historia 

Abadiño Elizateak zazpi kofradia edo auzo zituen, eta Durangaldeko Merindadeko batzarretan bat zenbakiko jarlekua eta botua egokien. Iturrizak dino batzar horiek hasieran Muntsaratzeko dorrearen ondoan egiten zirela eta gero aldatu zirela Gerediagara, San Salbadorreko ermita aurrera. Ermita horren aurrean bazan harrizko gurutze bat eta, haren inguruan, 28 munarri, Merindadeko 14 Elizateetako ordezkariak euretan jarteko. Merindadeko Korregidorea Astolazubiaurreko etxean bizi zan, eta hantxe egiten zituen bere audientziak, hamabi eskribau eta alguazil bat laguntzaile zituela. Gartzela ere etxe horretantxe egoen.

Abadiñoko eliza Garaiko elizaren eliz-ama da eta San Trokaz Martiriari konsagratuta dago. Patronatua Gaztelako Errege Juan I.ak emon eutson Juan Alfonso de Muxikari 1385. urtean. Eliza 1599. urtean berreraiki zan, eta, Errepublikak emondako 55.000 dukaten laguntzarekin, 1763-1780 bitartean haunditu egin zan. 1800an zortzi onuradun edo benefiziatuk osatutako Kabildo batek eukan elizaren ardura. Kabildo horretako kideak Mortarako Markesak aurkeztu zituen kargurako, eta Markes horrek jasotzen zituen elizako hamarrenak erregeak emondako bizi guztiko patronatuaren bertutez. San Trokazeko elizaz ganera, badira Abadiñon hogei bat baseliza eta umiltoki. Hona hemen batzuk: Gerediagako San Salbador, Zelaietako Aita Kurutzeko, Atxarteko Kristo, Muntsaratzeko Andra Mari, Mendiolako San Kristobal, Urkiolako Santa Polonia (Santutxu), Urkiolako Antonio Abad eta Paduako Antonioren Santutegia…

XIX. mendeko gerraldietan Abadiño gudazelai bihurtu zan. Lehen Karlistadari amaiera emongo eutson Bergarako Besarkadaren oinarriak finkatzeko, 1839. urtean Espartero eta Maroto jeneralak Abadiñoko San Andolingo ermitaren ondoko baserri batean batu ziren. Handik bost egunera bakea egin zan.

Bigarren Karlistadako azkenengo borrokaldia Bizkaiko lurretan Abadiñon gertatu zan, 1876ko azaroaren 15ean. Bataila horretan Ciria jeneralaren tropa liberalek Cavero, Solana eta Etxebarriren bataloi karlistak garaitu ebiezan.