Albisteak

 

Mikel Garaizabal Abadiñoko alkateak eskertu egin die herritarrei bizi dugun osasun alerta egoeran koronabirusa zabaldu ez dadin egiten ari diren "ahalegin handia".

Garaizabalek esan duenez, abadiñar "gehienak" zorrotz betetzen ari dira erakundeek ezarritako neurriak, eta azpimarratu du zelako "jarraibide ona" ematen dien neurri horiek betetzen dituen herritar bakotxak abadiñar enparauei. "Gutako bakotxak argi izan behar du denok daukagula erantzukizun berdina Abadiñon birusa ez zabaltzeko kanal ofizialetatik ematen ari diren osasun arloko agindu guztiak zorrotz betetzeko", gaineratu du.

Alkateak aitortu du egun hauek "inoizko gogorrenak" izango direla familia askorentzat, eta nabarmendu du koronabirusaren mehatxua amaitzeko "herritar guztien" laguntza behar dela. "Egoera hau oso gogorra eta luzea izango da, baina denon artean gaindituko dugu", gaineratu du. Azkenik, gogoratu du Abadiñoko Udaltzaingoa (Tel.: 656 78 82 26), Abadiñoko Gizarte Zerbitzuak (Gizarte langilea: 946200492), Ertzaintza (Durangoko Komisaldegia: 94 466 93 00) eta Nagusiei Laguntzeko Boluntario Sarea (Tel.: 688 679 414) prest daudela beti herritarrei laguntzeko.