Albisteak

 

Abadiñoko Udalak antolatuta, "Antzerkiño" Antzerki jaialdiaren bosgarren edizioa egingo da azaroaren 8tik 17ra bitartean, Abadiñon kalitatezko antzezlanak eskaintzeko prezio ia sinbolikoetan, Argi Abad Kultura arloko zinegotziak azaldu duenez.

Jaialdia hilaren 8an hasiko da "Escupido amor" obrarekin (20:00etan), Cupidoren mitoaz trufatuko den pieza komikoa. Azaroaren 9an, "El color de la leche" antzeztuko da (19:00etan), XIX. mendeko herrixka ingeles batean girotutako istorio tragikoa, Solo Teatro konpainiak antzeztua.

Azaroaren hamarrean, Coles Teatro konpainiak "La Tía Rosita" lana eskainiko du (19:00etan), 50eko hamarkadan Galiziako herrixka batean gertatutako benetako istorio batean oinarritua. Hilaren 16an, Tarima Beltzak "Madres y Pasotas" komedia taularatuko du (19:00etan).

Jaialdia azaroaren 17an itxiko da "Erlauntza" komedia garratzarekin (19:00etan), zeinetan Vaivén Produccionesek landetxe batean lagun talde batek bizi dituen gorabeherak antzeztuko dituen.

Antzezlanetarako sarrera 3€ kostako da, baina euskarazko "Erlauntza" lanerakoak 5€ balioko du. Astelehenetik aurrera Udalak zortzi euroko bono bat jarriko du salgai Errota Kultur Etxean, bost emanaldietara joateko eskubidea emango duena
Argi Abadek herritar guztiak animatu ditu Errotara joatera, "antzerkiak beti eskaintzen dituelako esperientzia berriak, batzuetan ahaztezinak".

Kartela (PDF 2,76MB)

Diptikoa (PDF 4,56MB)

Abadiñoko V Antzerki Jaialdia - Bideoa