Albisteak

 

Abadiñoko Udalak aukera emango die abadiñarrei erabakitzeko 2020ko aurrekontuetan jasoko diren zenbait proiektu. Horretarako, Udal Gobernantza eta Herritarren Partaidetzako arloak parte-hartze prozesu bat jarriko du abian azarotik aurrera. Prozesu horri esker, herriko elkarteek eta 16 urtetik gorako herritarrek euren proposamenak egin ahal izango dituzte, eta gero, aztertuak izan ondoren,  herritarrek bozkatuko dituzte.

Ana Gomez, Gobernantza eta Herritarren Partaidetza zinegotziak azaldu duenez, ekimen horri esker Abadiñoko herritarrek zuzenean erabaki ahal izango dituzte Udalak datorren urtean gauzatuko dituen hainbat proiektu. "Abadiñoko gizon-emakumeek ezagutzen dituzte ondoen Abadiñoko beharrak, eta, beraz, euren laguntzari esker aurrekontuek benetako erantzuna emango diete herritarren eskaerei", adierazi du.

Parte-hartze prozesua azaroan hasiko da, eta bere edukia ezagutarazteko aurkezpen hitzaldiak egingo dira Matienako Errota Kultur Etxean, Zelaietako Mediatekan eta Muntsaratzeko udal lokaletan.

Herritarrek inprimaki batean aurkeztu beharko dituzte euren proposamenak. Inprimaki hori udalaren webgunetik jaitsi ahal izango dute (Herritarren Partaidetzaren atalean) eta eskuragai izango dute udal bulegoetan, Errotan eta Txanportan.

Prozesuak egutegi jakin bat izango du: proposamenak azaroan jasoko dira, abenduan aztertuko eta lehenetsi egingo dira aurkeztutako ekimenak eta, herri-bozketa baten ostean, ezagutzera emango dira aukeratutako proiektuak.
Abadiñarrek udal jarduerako edozein arlorekin lotutako proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte, baldin eta horien edukia ez bada legez kanpokoa, difamatzailea edo diskriminatzailea.