Albisteak

 
Abadiñoko Udalak auzo batzarrak egingo ditu herritarrekin hurrengo asteetan, euren ekarpenak jaso eta udal jarduerarekin erlazionaturiko zalantzak argitzeko, Mikel Garaizabal alkateak gaur adierazi duenez.

Ekimen hau Abadiñoko Gobernantza eta Herritarren Parte-hartze arlo berriak bultzatutako lehena da eta edozein herritarrek izango du aukera batzarretara joateko. Ana Gomez departamentuko zinegotzi buruak esan du Udalaren eta herritarren arteko komunikazioa erraztea dela sail honen helburu nagusia.

Kontzejalak adierazi du bileren maiztasuna udalak zehaztuko duela, eta saio horien bitartez nahi dutena dela herritarrak zuzenean informatu udalak egiten duenaz, auzokideek dituzten zalantzak argitu eta euren iradokizun eta ekarpenak jaso. “Iruditzen zaigu oso inportantea dela herritarrekiko harremana aurrez aurrekoa izatea, udal ordezkariekin auzoan bertan elkartzea, naturaltasunez berba egiteko aukera handiagoa ematen duen inguru hurbil batean”, gaineratu du Ana Gomezek.

Zinegotziak aitortu du batzar horiez gainera beste proiektu batzuk ere antolatuko direla sail berritik auzokideei herrigintzan parte hartzeko aukera zehatzak eskaintzeko asmoz.