Albisteak

 

 
Abadiñoko Udalak 227.935 euroan adjudikatu ditu kanposantuko obrak. Egingo diren lanak dira, besteak beste, nitxoen aldea itxuraberritu eta fatxadako zikinkeria eta hezetasun arazoak konpondu. Seguru asko, hileon hasi eta bost hilabete luzatuko dira obrok.

Mikel Garaizabal alkateak esan du proiektu honekin Udalak hilerri "atseginagoa" egin nahi duela, eta, aldi berean, "Abadiñoko ondasun historiko eta artistikoa babestu eta gorde. Estilo neoklasikoko kanposantu hau Bizkaiko berezienetakoa da,  eta agintari moduan ondo zaindu beharra daukagu  herriarentzako hain garrantzitsua den eraikina".

Javier Crespo Hirigintzako zinegotziak azpimarratu duenez, bestalde, nitxoak dauden  inguruan konponketa batzuk egin behar  dira egiturako hormigoi-losa hondatuta dagoelako puntu batzuetan. Horretarako, corten altzairuzko aurrealde berria egingo da, hormigoizko habeak berrituko dira eta egituraren inpermeabilizazioa hobetuko da.

Gainera, errrausketa-labearen eta kolunbarioen aldean teilapea inpermebilizatu eta itoginak konponduko dira. Bestalde, hilerriaren fatxadaren obrak egingo dira zikinkeria eta hezetasun arazoak konpontzeko.

Javier Crespok gaineratu du, azkenik,  herritarrek behin eta berriro "eskatutako lanak" direla horiek, eta nitxoen eta kolunbarioen partean hasiko direla, "Domu Santuetan bertara hurreratzen diren milaka abadiñarrek hobekuntza igarri dezaten".