Albisteak

 

Abadiñoko Udalak hasi ditu lanak Aita Kurutze pareko bidegurutzeko biribilgune berria egiteko eta ingurua hobetzeko. Proiektuak 1,6 milioi euroko aurrekontua du eta Zelaietako urbanizazio planaren lehen fasea da.

Mikel Garaizabal alkatea pozik agertu da lanak hasi direlako tramitazio luze baten ostean. Esan duenez, lanak bost hilabetean egingo dira. Epe horretan biribilgune berri bat egingo da, espaloiak zabalagotu, arkitektura-oztopoak kendu eta Ferialeku plaza birmoldatu eta antolatuko da, herritarrek hiri-gune "erosoago eta seguruagoa" izan dezaten Zelaietan. "Urte erdi eskasean herritarrek hobekuntza nabarmena ikusiko dute Abadiñoko leku enblematikoenetako batean", azpimarratu du Garaizabalek.

Udalak plazako zoladura berrituko du eta espazio libreak atonduko ditu ekitaldi soziokulturalak egiteko. Proiektua diseinatzean Udalak lehentasuna eman dio plazako arbolak mantentzeari, eta kontuan hartu da arbolen oraingo kokalekua erabakitzeko non jarri lorategi laukizuzen berriak.

Plazaren iparraldeko muturreko aparkalekuak hor jarraituko du eta bi plaza gordeko dira mugikortasun mugatuko pertsonentzat. Aparkalekuaren ondoan ipiniko da kontainer-gune bietatik bat.

Obrak aprobetxatuz, berritu egingo dira argiak, euri eta hondakin uren saneamendu-sarea, zerbitzu-kanalizazioak eta kaleko altzariak.

Planoa (PDF 4,31MB)